Zer Da Gaur Egun Unibertsoari Buruz Dakiguna?

Zientzialariek gaur egun ideia nahiko koherenteak eta zehatzak dituzte unibertsoari buruz. Hala eta guztiz, ezin da ahaztu bai astronomiak eta bai kosmologiak, beste zientzia batzuek ez bezala, badutela eragozpen nabarmen bat: ezin dituzte saiakuntzak diseinatu hipotesi kosmologikoak baieztatzeko, eta beha dezaketen horretara bakarrik mugatu behar dute. Honela, teoriak ezin dira saiakuntzen bidez frogatu. Gehienera jota, teoria koherente bat eraikitzea lor daiteke, unibertsoan egiten diren behaketekin bat datorren teoria, hain zuzen ere.
Historian zehar unibertsoari buruz jakintsuek izan duten ikuspegia aldatuz joan da. Homeroren garaian (K.a. IX. mendea) Lurra laua zela uste zuten. II. mendean Ptolomeok Lurra unibertsoko erdigunea zela adierazi zuen, eta bere inguruan Eguzkia, Ilargia eta hainbat planeta zeudela (eredu geozentrikoa). XVI. mendean, berriz, Kopernikok zioen unibertsoko erdigunean Eguzkia zegoela (eredu heliozentrikoa). XX. mendean, astronomoek uste zuten galaxia bakar bat zela unibertsoaren erdigunea.

Gaur egun, ordea, kosmologo gehienek Big Bang-aren teoria onartzen dute. Teoria horren arabera, materia-gune primitibo batek eztanda egin zuenean sortu zen guk ezagutzen dugun unibertsoa; hau da, eztanda horren ondorioz eratu ziren galaxiak, galaxietako izarrak eta gainerako planeta-sistema eta astroak.

Teoria hori zuzena dela frogatzeko zenbait behaketa egin dira, eta, oraingoz, teoria baliagarritzat jotzen da.

Big Bang teoriatik ondorioztatzen diren puntu batzuk hauek dira:

1. Unibertsoa duela 13.000 edo 15.000 milioi urte inguru sortu zen.

2. Unibertso ezaguna 100.000 milioi galaxia inguruk osatzen dute.

3. Unibertsoa modu azeleratuan ari da hedatzen.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan