Webguneen Fidagarritasuna

WEBGUNEEN FIDAGARRITASUNA

Kontu handiz aukeratu behar ditugu informazio-iturriak, eta kontu handiagoz webguneak direnean. Guk geuk neurtu beharko dugu webgunearen fidagarritasuna, eta, horretarako, honako puntu hauek hartu beharko ditugu kontuan:
Fidagarritasuna egileari dagokionez
Gaur egun, denok dugu sarean idazteko aukera. Horrela, egilea edozein pertsona edo erakunde izan daiteke, agian ikasle bat, agian gai horretan aditua den norbait. Horregatik, egilea nor den jakin beharko dugu, informazioaren fidagarritasuna ez baita bera izango webgunearen edo artikuluaren egilea bat edo bestea izan.

Artikulua edo webgunea eguneratzea
Egunero, milaka blog, webgune edo artikulu publikatzen dira sarean. Horien guztien jarraipena eta eguneratzea egiteak lan handia eskatzen du. Hori dela eta, interesgarriak izan zitezkeen hainbat artikulu edo webgune topatuko ditugu maiz, baina horien balioa eta fidagarritasuna ez da erabatekoa izango beren garaian idatzi ziren bezala jarraitzen badute, edota azken urteetan egindako aurrerapenak kontuan hartzen ez badituzte; hau da, eguneratu gabe baldin badaude. Eguneratzeak garrantzi berezia izan ohi du zientziako gaietan, batez ere azken urteetako aurrerapen eta asmakizunei dagokien kasuetan, eta ez hainbeste gai historikoetan, esate baterako.

Informazioa eskuratzeko erraztasuna
Erabili nahi dugun webguneak erabilerraza izan behar du, leku batetik bestera erraz nabigatzeko modukoa. Webgunearen barnea ondo antolatuta egon behar da; informazioa jasotzerakoan batetik bestera mugitzeko bide garbiekin, galdu gabe ibiltzeko; webgunearen itxura egokia eta argia izan behar da… Badira webgunearen erabilgarritasuna errazten duten hainbat elementu, adibidez, webgunearen mapa. Mapa horren bitartez, elementuak nola banatuta dauden jakin genezake. Mapaz gain, interesgarria da ikono adierazgarriak txertatzea, erraz identifikatzeko moduko loturak edukitzea, letra mota egokiak izatea, atalak identifikatzeko hainbat kolore erabiltzea…

Edukien trataera
Ikusi duzunez, nahikoa erraz jakin daiteke nork idatzi duen webgune bateko informazioa, baina askoz zailagoa da jakitea webgune hori zeinentzat dagoen idatzita; hau da, nolako trataera eman zaion informazio horri eta nori zuzendua dagoen. Horregatik, ziurtatu behar dugu aztertzen ari garen webgunea gure mailarako egokia dela. Webgunea izan daiteke guretzako maila altuegikoa, baina baita alderantziz ere, maila eskasekoa. Ezin ditugu onartu, esaterako, akats ortografikoak edo gramatikalak dituzten webguneak. Kontuan har dezakegu, informazioaren fidagarritasuna gehitzen joan ohi dela informazioan erreferentzia bibliografikoak edo gaiarekiko loturak eskaintzen diren neurrian.

Webgunearen helburua
Orain arte, webgunearen hartzailea izan dugu kontuan, ikuspegi horretatik nola aztertu behar den gunea, baina oso kontuan hartzekoa da baita ere, egileak informazioa helarazteko garaian duen helburua. Webgune bateko informazioa asko alda daiteke, informazio horren igorleak webgunea egitean izan duen helburuaren arabera. Esate baterako, jo dezagun tresna bati buruzko informazioa datorrela webgune batean; informazio hori erabat desberdina izango da egilearen helburua tresna hori saltzea, tresna horri buruzko informazioa ematea edo tresna horren funtzionamendua agertzea bada.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan