Unibertsoa Aztertzen

Galileok erabili zuen lehen teleskopioaz geroztik, zientzialariek tresna eta aparatu konplexuagoak asmatu dituzte unibertsoko osagaiak ezagutzeko eta ikertzeko. Lurreko puntu geografiko interesgarrietan behatoki astronomikoak eraiki dira eta teleskopio optikoak eta irrati-teleskopioak daude.
Ortziko hainbat gorputz begiz behatzeko eta aztertzeko erabiltzen dira teleskopio optikoak. Irrati-teleskopioek, berriz, ortziko gorputzek igorritako irrati-seinaleak jasotzen eta aztertzen dituzte, eta teleskopio optikoentzako ikusezinak diren eremuak arakatzen. Azkenik, radar-estazioek radar-seinaleak jasotzen eta aztertzen dituzte, jasotako seinale horiek irudi bilakatuz, guk ikus ditzagun.

Espazioa ahalik eta baldintza hoberenetan aztertzeko behatokiak giza bizilekuetatik urrun kokatzen dira. Gainera, hainbat teleskopio Lurraren inguruan dabiltza orbitan.
Bestalde, zientzialariek astroetara ahalik eta gehien hurbilduz ikertu nahi dituzte unibertsoko elementuak, batez ere guregandik hurbilen daudenak: Ilargia, Marte… Asmo hori bete nahiz, astroetara bidaiak antolatu dituzte, eta baita zundak  urrutirago bidali ere, espaziora.
Gizakiak espazio-ontziak diseinatu eta eraiki ditu, eta haiek erabiliz urrats handiak eman unibertsoa ezagutzeko eta unibertsoan zehar nabigatzeko.
Astronautika espazioko nabigazioaren zientzia da. Zientzia horrek historia laburra du, baina gizakiak egindako ehunka satelite artifizialek inguratzen dute Lurra: komunikazio-sateliteak, satelite meteorologikoak… Gainera, ontzi batzuk Ilargira joan eta handik berriro itzuli dira, behin baino gehiagotan, eta Nazioarteko Espazio Estazioa eraiki da; hamalau herrialdetako astronautak pasatu dira Lurrari birak emanez dabilen estazio horretatik; are gehiago, astronautez gain, lehenengo espazio-turista batzuk ere han izan dira!

Astronautarik gabe espazio-ontziek egindako bidaiak askoz luzeagoak izan dira, espazio-ontziak ez baitu itzuli behar gizakiak doazenean bezala. Gizakiok bidalitako ontziek hainbat planeta (Marte, Artizarra, Jupiter…) bisitatu dituzte eta handik irudiak bidali. Bada Eguzki-sistematik kanpo joan den ontzirik ere.
Azkenaldian egindako bidaia aipagarrienak Martera izan dira. Marten ibiltzeko ibilgailu aproposa ere hara eraman eta jaitsi egin dute Marteren azaleraino. Hark bidalitako irudiek eta egindako azterketek asko erakutsi dute planeta haren izaeraz; han inoiz bizirik izan den edo izateko baldintzarik baden aztertzeko tresna aproposa da.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan