Nolakoa Da Lurraren Bihotza

NOLAKOA DA LURRAREN BIHOTZA?

Hainbat aldiz ikusi dugu idazleak Lurraren barnea nolakoa den asmatzen aritu direla; baina, nolakoa da, benetan, Lurraren bihotza? Horrekin batera, beste hainbat galdera ere badatoz: Zein da Lurraren egitura? Zer ondorio sortzen ditu egitura horrek? Nola ulertzen dute zientzialariek Lurraren egitura?
Hasieratik hasiko gara. Guztiok dakigunez, Lurra biribila da, edo, hobeto esanda, ia biribila. Baina Lurrazalean bertan ikusten dugun bezala, Lurraren osagaiak ez dira berberak leku guztietan. Zenbait lekutan ura da osagai nagusia, beste batzuetan ez. Gainera, zientzialariek kontatzen digutenez, guk zapaltzen dugun zoruaren azpian fenomeno asko gertatzen dira, Lurraren egiturarekin lotura zuzena dutenak: sumendiak, kontinenteen desplazamenduak, lurrikarak, eremu magnetikoak… Fenomeno horiek Lurraren barneko indarren ondorioz gertatzen dira. Bestalde, fenomeno eta higidura horiek Lurraren barne-egituran dute oinarria, eta, egitura hori dela bide, aldatu egiten da lurrazala: mendiak sortu, bailarak osatu, sakoneko geruzetan irregulartasunak agertu…
Garbi esan behar duguna da Lurraren bihotza ez dela Jules Vernek bere nobelan deskribatu zuen bezalakoa, aintzira, itsaso, onddo erraldoi eta dinosauro ikaragarriz betetakoa; geologiak erakusten digunez, oso bestelakoa da: barnean, nukleoa edo endosfera du; erdialdean, mantua, bi ataletan banatua; eta kanpoaldean, lurrazala edo litosfera.

Dena dela, zientzialariak, Lur planetako eremu solidoa (geosfera) aztertzeko orduan bi irizpidez baliatzen dira, osaera kimikoa, alde batetik, eta materiaren portaera mekanikoa, bestetik. Bi irizpide horiek kontuan izanik, geosferaren bi eredu daudela esan daiteke: eredu estatikoa eta eredu dinamikoa.

Eredu estatikoa

Zientzialariek, lur-geruzen konposizio kimikoan oinarrituta geosfera nola osatua dagoen adierazteko eredu estatikoa proposatzen dute. Honako hauxe da Lurraren osaera eredu horren arabera:
  • Lurrazala. Lurraren kanpoko geruza solidoa da. Ozeanoen azpian, 6-12 km-ko sakonera du, eta kontinenteen azpian, 25-70 km-koa.
  • Mantua. Lurrazalaren azpian dago, eta 2.900 km-ko sakonerara hedatzen da; harri urtuak daude mantuan.
  • Nukleoa. Planetaren erdian dagoen geruza da; 2.900 km-tik 6.378 km-ra hedatzen da.

Eredu dinamikoa

Zientzialariek geosfera nola osatua dagoen aztertzeko materialen ezaugarri mekanikoetan oinarrituta, eredu dinamikoa proposatzen dute. Geosferaren eredu dinamiko hori materialen portaera mekanikoan oinarritzen da, eta ez materialen osaketa kimikoan, aurrekoa bezala. Alderdi askotan bat dator eredu estatikoarekin, nahiz eta eredu dinamikoan lau geruza desberdintzen diren. Honako hauxe da geosferaren osaera eredu horren arabera:
  • Litosfera. Kanpoko geruza elastikoa da, eta 75-100 km-ko sakoneraraino iristen da. Lurrazala zurruna izan arren, plaka tektoniko izeneko puska handitan zatitua dago eta plaka horien ertzetan gertatzen dira fenomeno geologiko garrantzitsuenak (lurrikarak, sumendiak, tolesdurak…).
  • Astenosfera. Geruza plastikoa da, eta 350 km-ko sakonerara iristen da.
  • Mesosfera. Astenosfera ez beste mantuaren gainerako zatia hartzen duen geruza da; 350 km-tik 2.900 km-raino iristen da.
  • Endosfera. Lurraren barneko geruza da, eta eredu estatikoko nukleoarekin bat dator.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan