Lurretik Kanpo Bizia Topatu Nahian

Buruan sartuta dugu Lurretik kanpo egon behar duela bizidunik, adimendunak izan behar dutela eta gurekin harremanetan jarri nahi dutela. Eta tema horrek bizidun estralurtarren komunikazio-ahaleginak edonon ikustera eramaten ditu hainbat.
Oraingoz, ordea, ez da sekula frogatu horrelako komunikazio-ahaleginik egon denik estralurtar adimendunen aldetik.

Lurretik kanpo bizitza aurkitzeko grina horrek, dena den, baditu jarraitzaileak benetako zientzialarien artean; alegia, astronomoen, astro-biologoen eta abarren artean. Hainbat saiakera egin dituzte, eta egiten jarraituko dute Eguzki-sistemako planetetan, eta planeta batzuen ilargietan, bizidunen zantzuren bat bilatzeko. Oraingoz, ordea, alferrik izan dira guztiak.

Eguzki-sistematik kanpo ere joan dira astronomoak bizidunen bila. Horretarako, lehenengo lana balizko bizidunen bizitokiak aurkitzea da; alegia, beste planeta batzuk aurkitzea unibertsoan barna. Eguzki-sistematik kanpo dauden planeten (exoplaneten) kopurua handia da, dagoeneko mordoxka bat dituzte identifikatuta.
Europa, Jupiterren ilargietako bat. Bizitzarik izan omen daiteke astro horretan. Zientzialariak gogo handiz aztertzen ari dira satelite hori.
Identifikatuta izateak, ordea, ez du esan nahi, inondik ere, haien ezaugarriak behar bezala ezagutzen dituztenik. Izan ere, askori eta askori zeharkako tekniken bitartez antzeman diete. Beraz, exoplaneta askori buruz dakiten gauza bakarra da existitzen direla. Hortik aurrerakoa unibertsoa bera bezain iluna da. Eta, zer esanik ez, bizidunik ote duten edo ez are ilunago dago.

Egia esan, edozeinentzat izango litzateke harrigarria, txundigarria eta aztoratzeko modukoa gure Lur honetatik kanpo bizidunak aurkitzea. Inoiz gertatuko den ere ez dakigu. Eta, aurkitu artean, buruan bueltaka izaten jarraituko dugu betiko galdera: Bakarrik ote gaude unibertsoan?

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan