Gure planetaren azala (litosfera) ez da arrautzaren azala bezalako
zerbait, leku guztietan neurri eta itxura bera duena. Gutxi gorabehera
dozena bat plaka tektonikok osatzen dute lurrazala, eta plaka batzuk,
ozeanoen azpikoak, meheagoak dira, eta gainerakoak lodiagoak. Plaka
tektoniko horiek ez daude geldirik, mugitu egiten baitira lurraren
barneko indarrek eraginda. Milioika urtetan mugitu dira, etengabe, batak
bestearekin talka eginez, bata besteari egokituz, edota elkar igurtziz.
Mugimendu horiek direla eta, milioika urte horietan lurrazala aldatuz
joan da, pixkanaka, baina etengabe, gaur egun ezagutzen dugun planetako
azala osatu arte. Eta prozesu hori ez da gelditu, ez da amaitu eta
jarraitu egiten du. Beraz, lurraren barneko indarrek eragindako fenomeno
horiek moldatu dituzte itsasoak eta kontinenteak, lurrazala eta erliebe
geografi koak, eta oraindik ere lan hori egiten jarraitzen dute!
Lurrazaleko plaka batek ondoko plakaren presioa jasotzen badu,
tolesturak
sortzen dira lurrazaleko une horretan; ondorioz, gune horretako
lurrazalak gorantz egiten du, eta mendiak sortzen dira. Beraz,
lurrazalaren higidurak dira mendiak eta mendikateak sortzen dituztenak:
higidura orogenikoak deritze higidura horiei. Himalaia eta Andeak horrela sortutako mendikateak dira.
Beste era batera ere sor daitezke mendiak, eta horren adibide garbia
dira sumendiak. Plaken arteko mugimenduak direla eta, lurraren barneko
harri urtua irten daiteke lurrazalera (laba), eta azaleratutako laba
horrek sor ditzake mendiak (sumendiak). Fenomeno horri
bulkanismoa deitzen zaio.
Mendi gazteak esaten zaie aldaketa gutxi jasan, eta eite
zorrotza duten mendiei. Denborarekin, ordea, (milioika urteren buruan)
kanpoko eragile geologikoek higatu egiten dituzte mendiak eta haien
eitea askoz leunagoa eta biribilduagoa izaten da:
mendi zaharrak direla esan ohi dugu.