Euskal Herriko Paisaiak

Herriko mendizale-elkarteak hitzaldi bat antolatu du: Paisaia miresgarriak ezagutu korrika eginez, eta Julen Urdaibai korrikalaria da hizlari gonbidatua, elkarteak ondo baitaki Julenek munduan barrena ikusitako paisaien argazki-bilduma itzela duela.
Izan ere, kirolariak lasterketa askotan hartu du parte eta leku zoragarri askotan ibili da. Leku horietan guztietan bizi izandako abenturak eta esperientziak kontatu ditu Julenek: Saharako basamortukoak, Amazonaseko oihanekoak, Alpeetakoak, bai Antartidan eta bai Euskal Herriko mendietan ikusitako paisaiei buruzkoak…
Julen Urdaibaik berak esandakoa da, herriko mendizale-elkarteak antolatutako hitzaldian: “Nik asko disfrutatzen dut gure inguruko mendietan korrika. Paisaia harrigarriak eta leku zoragarriak ikusi ditut: zuhaitzak, txoriak… eta usain gozoak ere usaindu ditut…”.
Amaia irakaslea hitzaldian izan da, eta, mendizale-elkarteko kidea izateaz gain, Julenen ikaskidea izandakoa denez, hark egindako agerpenaren irudiak eskuratu ditu, eta ikasgelan ikasleei aurkeztea erabaki du. Agerpeneko irudiak (lasterketetako argazkiak) erakutsi dituenean, ikasleak harrituta gelditu dira ikusitakoarekin, eta berehala hasi dira galderak egiten:
• Zergatik aldatzen da hainbeste planetako lurrazala leku batzuetatik beste batzuetara?
• Zerk baldintzatzen du, kasu bakoitzean, leku eta paisaia hain desberdinak egotea?
• Nolakoak dira munduko paisaiak?
• Eta Euskal Herrikoak?
• …
Galdera horien guztien erantzunak bilatzeko eta aurkitzeko eginkizuna eta ardura hartu duzue ikasgelan. Horretarako, talde txikitan, lurrazalean (erliebean) hainbat faktorek duen eragina kontuan hartu, faktore horiek aztertu eta Euskal Herriko paisaiei buruzko ikerketa bat egin beharko duzue. Ikerketa horretan lortutako emaitzak ahozko agerpen baten bidez adierazi beharko dituzue, eta agerpen hori ikusgarriagoa eta erakargarriagoa izateko, irudiekin (diapositibekin) apainduta egitea komeni zaizue.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan