Eragile Geologikoak

ERAGILE GEOLOGIKOAK

Lurrazalak hainbat forma hartzen ditu, eta horri erliebe deitzen zaio. Erliebea ez da tinkoa eta aldaezina, denborarekin eta eragileen bidez erliebearen formak aldatu egiten baitira. Asko dira erliebea aldarazten duten eragile geologikoak, eta bi multzo handitan banatzen dira: erliebearen kanpoko eragileak eta erliebearen barneko eragileak.

Kanpoko eragileak

Lurrazalari kanpoaldetik eragiten dutenak dira, erliebeari hainbat forma emanez.
  • Ura, kanpoko eragile batzuek lotura zuzena dute uraren zikloarekin: lur gaineko eta lur azpiko urak, itsasoa, izotza…
  • Haizea kanpoko eragile nabarmena da. Haizeak, izan ere, materialak higatzen eta garraiatzen ditu, dunak eratzen ditu, olatuak osatzen parte hartzen du…
  • Izaki bizidunak ere erliebearen kanpoko eragileak dira. Esate baterako, animaliek zuloak edo eraikuntzak egiten dituzte, landareek harriak eta haitzak apur ditzakete beren sustraiekin, eta, bide batez, sustrai horiek saihets dezakete beste era batera ezinbestekoa litzatekeen higadura…
  • Gizakia izaki bizidunen artean bereziki aipatu beharrekoa da, eragin handikoa baita benetan: eraikuntzak, garraioetarako bideak, ura pilatzeko presak, meategiak, harrobiak...
Kanpoko eragile hauek mugimenduaren bidez eragin ditzakete aldaketak, higadura izango da indar nagusia kasu hauetan. Beste kasu batzuetan, aldiz, mugimendurik gabe eragingo dute, meteorizazioa izango da, haitzek atmosferarekin kontaktuan jasaten dituzten aldaketen multzoa.
  • Meteorizazio fisikoa. Tenperatura-aldaketa gogorren eraginez arrokak pitzatu egiten dira edo zati txikitan apurtzen. Horrez gain, sortutako pitzadura eta arrakala horietan ura sartzen bada eta izoztu, uraren bolumena handitu egiten da eta presioarekin arroka gehiago pitzatzen eta apurtzen da.
  • Meteorizazio kimikoa. Atmosferako gasek eragiten dute. Adibidez, oxigenoak harrietako osagaiekin (mineralekin) erreakziona dezake, eta erreakzio horretatik beste substantzia batzuk sorrarazi. Substantzia horiek hasierakoak ez bezalako jokaera izan dezakete erliebearen osaketari dagokionez.
Barneko eragileak
Erliebean aldaketak sortzen dituzten eragileen artean barneko eragileak dira sumatzen zailenak. Orogenia litosferako hainbat lekutan mendiak sortzera bultzatzen dituen barne-indarra da. Indar horiek eragindakoak dira erliebeko aldaketa handienetakoak, eta tolesturetan eta failetan suma daitezke era nabarmenean. Adibidez, autobidea egiteko mendia mozten denean, geruzak tolestuta edota lekuz mugituta ikus daitezke, orogeniak eraginda.

Litosferan badira, ordea, horiek baino aldaketa nabarmenagoak, horiek ere lurraren barneko eragileek sortutakoak. Horrela, zenbait lekutan lurrak dardara egiten du (lurrikarak), eta beste zenbait lekutan sumendiak sortzen dira.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan