Pozoitzeak Perretxikoekin

Noizbehinka, perretxikoak janda intoxikatu egiten da norbait, pozoitu. Ez dira asko izaten, Euskal Herrian aspaldiko ohitura baita perretxikoak biltzea, eta jendeak, normalean, ondo ezagutzen baititu. Dena dela, urtero norbait intoxikatzen da perretxiko pozoitsuak janda.
Zenbaitetan arazoa larria izan da perretxikoak jan eta pozoitzea. 1936ko gerraren ondoren, gose garaian, pozoitze asko izan ziren Euskal Herrian. Bizkaian, hamasei hil ziren 1948. urtean. Katalunian, 1972-1982 tartean berrogeita hamaika lagun pozoitu ziren eta bost hil.
Perretxikoak, beraz, ondo ezagutu behar dira, arriskurik gabe jateko.
Perretxikoen artean, arriskutsuenetako bat hiltzaile berdea da, Amanita phalloides espeziea. Roger Heim aditu frantsesaren datuen arabera, XX. mendean perretxikoak janda gertatu ziren 1.500 heriotzen erruduna izan zen. Horrek esan nahi du perretxiko hori benetan arriskutsua dela jateko, ondo ezagutu beharrekoa.
Egia esan, Euskal Herrian, gaur egun, ez da pozoitzen jende asko hiltzaile berdea janda, eta are arraroagoa da perretxiko horiek jan ondoren intoxikaturik hiltzea. Garai batean, perretxiko hilgarriak jaten zituztenetatik hamarretik zortzi hil egiten zen (% 80). Gaur egun, zientziaren aurrerapenei, medikuen espezializazioari eta ospitaleen ekipamendu hobeei esker, askoz gutxiago hiltzen dira, nahiz eta intoxikatu. Lehen sintomak agertu eta berehala, intoxikatua ospitalera eramaten badute hiltzeko arriskua % 5etik % 10erakoa da.
Argazkietako bi perretxiko horiek ez nahasteko aholkuak: inoiz ez errotik erauzi, beti azpitik labana sartuz moztu, perretxikoa oso-osorik atera, hiltzaile berdeak bolba eta eraztuna baititu eta gibelurdinak ez! Irudian duzu perretxikoen arteko konparazioa.
Perretxikoak biltzeko hainbat aholku
Hemen dituzu perretxikoak biltzeko hartu behar diren hainbat neurri:
• Perretxikoen ezaugarri nagusiak kontuan hartu behar dira (txapela, orriak, eraztuna eta bolba).
• Perretxikoak osorik jaso behar dira, inoiz ez zatika.
• Ez bildu perretxikoak plastikozko poltsetan (puskatu eta nahastu egiten dira…). Erabili saskiak edo otarreak.
• Zalantzarik baduzu, ez jan perretxikorik. Herriko adituren batekin kontsultatu.
• Perretxikoak jan eta zerbait nabaritzen baduzu (tripako mina…) sendagilearengana joan.


Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan