Geometriako oinarrizko kontzeptuak

GEOMETRIAKO OINARRIZKO KONTZEPTUAK
Puntua eta zuzena geometriako oinarrizko kontzeptuak dira; izan ere, horiek dira beste kontzeptu askoren iturri.
Puntua ez da objektu fisikoa, ez du dimentsiorik edo neurririk; beraz, ez du leku bat betetzen. Fikziozko objektua bada ere, puntuak objektu errealen posizioa adieraztendu. Puntuak letra larriz adierazten dira, eta planoan bi koordenaturen bidez identifikatzen dira (parentesi artean bi zenbaki agertuz, abzisari dagokiona lehenik eta ordenatuari dagokiona ondoren). Koordenatu-sistema kartesiarra darabilgunean, ardatzek planoan lau eremu definitzen dituzte, koadranteak hain zuzen ere.
Zuzena bi puntutatik igarotzen den kurbadurarik gabeko lerro amaigabea da; hots, ez du ez hasierarik ez amaierarik. Zuzena infinitu puntuz dago osatuta eta norabide bat markatzen du. Zuzenerdia zuzenaren puntu zehatz batetik alde batera hedatzen den zuzenaren zatia da. Puntu zehatz hori zuzenerdiaren jatorria da; hori dela eta, zuzenerdiak badu hasiera, baina ez amaierarik. Segmentua bi punturen artean mugatzen den zuzenaren zatia da; hori dela eta, segmentuak hasiera eta amaiera du. Bi puntu horiek segmentuaren muturrak dira. Segmentuari zuzenki ere esaten zaio.
Oro har, zuzenak, zuzenerdiak eta segmentuak letra xehez izendatzen dira. Horrez gain, zuzenerdietan jatorria eta segmentuetan muturrak ere adierazten dira.
Angelua jatorri bereko bi zuzenerdik mugatzen duten planoko zatia da. Bi zuzenerdiren ebakidurari erpin esaten zaio eta bi zuzenerdiak angeluaren aldeak dira. Angeluak neurtzeko hainbat unitate erabiltzen diren arren, guk gradu hirurogeitarretan neurtuko ditugu. Angeluak izendatzeko letra grekoak (α, β, γ, δ…) erabiltzen dira gehienetan.
Definizioz, gradu hirurogeitarra (aurrerantzean gradua deituko duguna) zirkunferentzia bat 360 zati berdinetan zatitu ondoren sortzen den angeluaren neurria da. Angeluak sailkatzeko, zirkunferentziaren erdia eta laurdena hartzen dira erreferentziatzat eta, horietan oinarrituta, sortzen dira angelu mota guztiak. Gradua (°) ikurraren bidez adierazten da.

Absziza ardatza:
Ardatz horizontala (X ardatza)
Ordenatu ardatza:
Ardatz bertikala (Y ardatza)
Puntua:
Irudi baten puntu bat. Koordenatu baten
Koadrantea:
Ardatzak ezartzerakoan sortzen diren lau zatiak.
Zuzena:
Lerro zuzen amaigabe bat (Zuzen baten baitan infinitu puntu daude)
Segmentua:
Bi puntu lotzen dituen lerro zuzena
Jatorria:
0,0 koordenatuak dauzkan puntua
Angelua:
Elkarrekin topo egiten duten bi zuzenek eratzen duten eremua. direnean sortzen duten eremua.
Erpina:
Bi zuzen elkartzen diren puntua
Aldea:
Urrenez urren dauden erpinen arteko segmentuak.
Diagonalak:
Elkarren alboan ez dauden lerroak
Gradu hirurogeitarra:
Angelu bat neurtzeko erabiltzen den unitatea


Esker bereziak: Xabier Vitoria (Koadernoko argazkia)

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan