Erlazioa

Gogoratu: gizakion bizi-funtzioak, gainerako bizidun guztienak bezala, nutrizioa, erlazioa eta ugalketa dira. Gizakiok, gure inguruarekin erlazionatzeko bi baliabide nagusi ditugu: lokomozio-aparatua eta zentzumenak.
Lokomozio-aparatua
Lokomozio-aparatuak higitzeko balio du, leku batetik bestera joan, inguruko gauzaren bat hartu edo beste hainbat mugimendu egiteko.
Gure gorputzeko lokomozio-aparatuaren osagai nagusiak hauexek dira: muskuluak (ipurmasailak, bizepsa…), hezurrak (bizkarrezurra, femurra…) eta artikulazio edo giltzadurak.
Gorputzak 206 hezur, 120 artikulazio eta 650 muskulu ditu, elkarrekin koordinatuak. Horiei esker, edozelako mugimenduak egiteko gai gara.
Hezurrak. Bi funtzio dituzte hezurrek. Alde batetik, eutsi egiten diote gorputzari, eta forma ematen. Bestetik, ahulak diren organoak kanpoko erasoetatik babestu egiten dituzte.
Muskuluak. Zuntzez osaturik daude eta elastikoak dira. Muskuluak hezurren gainean daude eta elkarrekin koordinatuta mugimenduak eragiten dituzte.
Giltzadurak. Bi hezur edo gehiagoren elkarguneak dira. Ezagunenak giltzadura mugikorrak dira (sorbaldetakoak, ukondoetakoak, belaunetakoak…). Dena dela, kontuan izan giltzadura guztiak ez direla aipatu ditugun horiek bezain mugikorrak (bizkarrezurrekoak, pubis hezurrekoak…).
Gizakiaren lokomozio-aparatuak bilakaerak izan ditu denboran zehar. Badirudi gizakiaren aurrekoak hanken eta besoen gainean ibiltzen zirela, baina orain, hanken gainean bakarrik ibiltzen gara. Horrela, mugimenduak errazago egiten ditugu, abiadura irabazi dugu, baina, batez ere, eskuak libre ditugu hainbat tresna erabiltzeko.
Aktiboki bizitzeko diseinua du gizakiak, hau da, ariketa fisikoa egiteko prestatuta dago. Gaur egungo bizimoduarekin, ordea, gero eta gutxiago mugitzen gara.
Mugimendu ezak gizakion gorputza gaizki funtzionatzera darama eta horrek eragin zuzena du bai arlo fisikoan eta baita psikikoan ere. Ariketa fisikoa egiteak, beraz, mesede egiten digu.
Ariketa fisikoa era egokian egiteak, bestalde, eragin zuzena du lokomozio-aparatuan: muskulu-tonu hobea hartzen dute eta hezurrak sendotu egiten dira; hau da, giharrak indartu egiten dira eta tentsio handiagoak jasateko gaitasuna hartzen dute. Gainera, ariketa fisikoa egitean odol-fluxua areagotzen denez, hezurrak mineralez hornitu eta gogortu egiten dira.
Hala ere, kontuan izan neurriak; ariketa fisikoa ona izanda ere, goi errendimenduko kirolak eta norgehiagokak eragindako eginahalak mugak bilatu ohi ditu eta, zenbait alditan onurak ekarri arren, beste askotan arazo fisikoak (lesio muskularrak…) eta psikologikoak sor ditzake.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan