Arriskuan Dauden Espezieak

Munduko bizidunen dibertsitateari, eta, batez ere, munduan arriskuan dauden espeziei buruzko informazioa daukazu taulan. Datu horiek IUCN erakundeak (Kontserbaziorako Munduko Batasuna) egindako txostenetan oinarritzen dira.
Datu horien arabera, munduan 7.480 animalia desagertzeko arrisku bizian daude, eta, erakunde horrek adierazi duenez, urtetik urtera luzatzen ari da zerrenda.
ARRISKUAN DAUDEN ANIMALIAK (ESPEZIE KOPURUA)
Afrika Poloen inguruak Amerika Europa Australia Asia
1.350 80 1.600 (Ipar Amerika)
1.000 (Hego Amerika)
650 700 2.100
Lehoinabarra Albatrosa Bisonte amerikarra Itsas txakur fraidea Koala Panda handia

Espezie bat desagertzeko arriskuan dagoela esateko hainbat datu hartu behar izaten dira kontuan: banaketa geografikoa, populazioaren tamaina (banakoen kopurua), ugaltzeko berezitasunak, bizidunak dituen mehatxuak… Orokorrean, eta beste era batera esanda, eremu txikian bizi bada, ale gutxi badaude, berezitasun eta sentsibilitate handia eta ugaltze‑ziklo luzea badute… espezieak desagertzeko aukera handiagoa du.
Etsai nagusia, gizakia
Bizidunen dibertsitatea gero eta gehiago murrizteko arriskuan dagoela diote zientifikoek. Gaur egungo jarduerekin eta jokaerekin jarraituz gero, ehun urte barru, 1.500.000 animalia eta landare-espezie betiko desager daitezke munduan.
XIX. mendeaz geroztik, garapena, itsu-itsuan, helburutzat hartzeagatik gizakia espezie askoren etsai bihurtu da. Gizakiak eragiten duen kalte handiena animalien habitatak deuseztatzea da: azpiegiturak (bideak, zubiak, aireportuak, turismoguneak, industria-eremuak...) eta hiriak handitzeagatik.
Ehiza eta merkataritza ere espezieak desagertzeko eragile zuzenak dira. Animalia basatiak elikagai-iturri eta ehizagai garrantzitsuak dira. Neurri gabeko ehizak eta arrantzak hondamendi handiak sortu ditu.
Airearen kutsadura, eta are gehiago urarena, animalientzat mehatxu handia dira, zuzenean animalia askoren heriotza eragiten dutelako, eta baita zeharkako kalteak ere. Urak animalia horien elikagaiak kutsatu eta haiek desagertzea eragin dezakete. Kutsatzaile nagusiak pestizidak, marea beltzak eta metal astunak dira.
Lurreko batez besteko tenperaturak gora egin omen du azken urteetan: klima-aldaketa aipatzen da sarri. Horrek ere izan dezake eragina arriskuan dauden bizidunetan.
Arriskuan dauden ornodunetako batzuen egoera oso kezkagarria da: katamotz iberiarra, esaterako, Europan desagertzeko zorian dago. Baina ez da bakarra. Beste espezie asko ere egoera berdintsuan daude, Euskal Herrian, esate baterako, ugatza, eguzki-arranoa, zuhaitz-igela, Pirinioetako hartza, bisoi europarra, ibai-kabuxa, apoarmatu istilzalea... Gogoratu: espezie horiek guztiak legearen babespean daude!
Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogoan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 293 espezie mehatxatu azaltzen dira, eta Nafarroan, berriz, 100 espezie. Espezie batzuk bi katalogoetan azaltzen dira.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Aditz Jokatuak eta Jokatugabeak

Animalien Sailkapena

Zenbat Planeta Daude Unibertsoan